Usurbilgo ondarea denetarikoa eta aberatsa da. Historia, kultura, industria, natura… iraganak utzi dizkigun altxorrak ugariak dira. Herritarrek zein bisitariek eskaintza zabalaz goza dezakete, gozatuz ikasteko eta ikasiz gozatzeko: errotarriak, mugarriak, harrobiak, trikuharriak, errotak, alatokiak, gobarak, ferratokiak, iturria, teila fabrikak, karobiak eta abarrak ondare historiko puzzle aberatsa osatzen dute.
Eliza eta Cavaillé-Coll/Mutin organoa
Cavaillé-Coll/Mutin organoa (1907/1920), Salbatore parrokiakoa. Usurbilgo organoak ondare balio handia du ez baita munduan halako besterik. Mundu mailan erreferentziazkoa da eta hainbat lekutako organu joleek egiten diote bisita. Bidarteko Ilbarritz gaztelukoa jatorriz 1920an erosi zuen Usrbilgo Salbatore parrokiak.
Andatza ondare mendi bat
Andatza mendia denetariko ondarez betea dago. Batetik, ibilaldiak egiteko bere eraztun bideak ditu, oinezkoentzat zein bizikletentzat ezin egokiagoak. Bestetik, bere ondare megalitikoa eta aipatu errotarriak eta mugarriak, harrobiak, zetaola, gerra garaiko lubakiak eta abarrak ditu. Horrek guztiak Andatza mendiarentzat proiektu eta proiekzio propio bat osatzeko aukera ematen du.
Errotarri eta mugarrien Usurbil
Usurbilek bere lurretan historikoki burututako giza jardueren aztarna baliotsuak ditu. Aranzadi erakundeak lan zabal eta sakona egion du honen bueltan eta orain herritarrek zein bisitariek horretaz gozatzeko garaia daGipuzkoan ezagutzen den harrobi gehien dituen mendia da, zaharrenak XIV. mendekoak. Bere grafitozko harri konposatuak ezin egokiagoak ziren garaiko errotarriak osatzeko. Horietatik burutze prozesuan hautsiak bertan geratzen ziren botata edo baztertuak. Euskal Herrian inongo errotarri kontzentraziorik handiena da Usurbilekoa.
Mugarrietan ere bereziki aberatsa da Usurbil, hemen ere zaharrenak XIV menderaino garamatzatelarik, Andatzako lurrak Orreagarenak (Nafarroa) zireneko garairaino. Mugak herri baten identitate emaile garrantzitsuak dira. Usurbilen egiazko altxorrak dira aurkitutako hainbat mugarri eta dagokien dokumentazioa.