Usurbilek 2021ean bete zituen 650 urte eta horregatik web atari honen eta turismo proiektu berritzaile honen izena ere. Izan ere, 650 urteko mendeurrena atzera begiratzeko baino, aurrera begiratzeko baliatu nahi dugu. Eta, nola ez, Usurbilek duen identitate aberatsa adierazteko: 650 Usurbil Bizi. Eman diezaiogun herriari txori begirada historiko bat:
Usurbil Euskal Herriaren ipar ekialdean dago, Donostiatik 10 kilometrora, Oria ibaiaren itsasadarrean, ibai honen itsasorako bidearen bi aldeetara egituratua. Gaur egun, 6.200 biztanle inguru ditu. Lur hauetan aspaldikoak dira lehen biztanleen aztarnak, horien lekuko dira Andatza mendiko harri multzo megalitikoak, bisitariak beste hainbat trikuharri batera aurki ditzakeenak.
Aurretiko zenbait aipamen baldin badaude ere, herri izaera XIV. mendetik du, gaur egungo Kalezar auzoa deritzon gunean. Hango etxeen izenak dira herri hastapen horien lekuko: Kontzeju, Eskribanea, Arotzanea, Erreronea eta Barberonea. Itzuli azkar batean ikus ditzakezu.
Aintzinako herriko jardueren artean, harrobiena nabarmendu dezakegu, Andatza mendian eginiko lanetatik ondorioztatu denez, munduan harrobi kopuru gehien duten bost udalerrien artean dago Usurbil: 24 harrobi eta 129 errotarri.
Errioa ere Usurbilgo historiaren ezinbesteko parte izan da. Ontzigintzan Usurbilek berebiziko jarduera maila izan du historikoki, Oria ibaiko erriberetako ontziolengatik, garrantzitsuenak Aginako auzunean kokatuak. Gaur egun ez da ontzigintzarik Usurbilgo eremuan.
Angularen arrantza da errioari loturiko beste jardueretako garrantzitsuetako bat, oraindik orain angularen inguruko enpresa ugari dago. Aginako piperrak ere ospetsuak dira, itsasadarreko erriberetako lur sailetan haziak. Ibaiertzetik doazen ibilbide ederrak dituzu gertutik ezagutzeko.
Historikoki, nekazaritza izan da Usurbilgo jarduera nagusietakoa. Herriko ondare diren baserri ugari dituzu ikusgai inguruetan.
Historia garaikidean, 36ko gerra zibilean altxamendu ez demokratiko frankistari aurre egin zion fronte bat osatu zen Usurbilen, Andatza mendian aurki daitezke pasarte horren testigantza diren lubakiak. Zenbait herritar bidegabeki fusilatuak eta atxilotuak izan ziren.
Frankismoaren diktadura kriminalaren aroan ere bere identitateari eutsi zion Usurbilek. Horren ondorio da gaur egun duen euskara ezagutza eta erabilera maila eta 1968an Frankoren errepresiopean sortutako Udarregi ikastola bera ere. Horrez gain Usurbilek beti izan du kultur mugimendu indartsua. Joxean eta Jexux Artze bertako semeak Ez dok Amairu euskal kulturaren abangoardia mugimenduko partaide izan ziren eta J. L Zumeta, aldiz, Gaur izeneko arte mugimenduarena. Urte askoan euskal kulturaren funtsezko protagonistak izango ziren hiruak ere.
Usurbilen aktibismoaren zantzu, Euskal Herrian burutu zen lehen euskararen eguna Usurbilen ospatu zen. Aipatzekoa da, halaber, Rikardo Arregi kazetariak Usurbilen egin zuela euskarari eta euskal estatuaren defentsan bere diskurtso historikoa. Usurbil aipatzerakoan ezin aipatu gabe utzi Udarregi bertsolaria, edota Joan Mari Torrealdai euskaltzalea, kazetaria eta idazle ekintzailea.
Euskararekin duen loturaren beste erakusle bat da Elhuyar, hizkuntza gutxituen teknologian Europako enpresarik garrantzitsuenetakoak Usurbilen du egoitza. Gaur egungo Usurbilek euskararen ezagutza eta erabilera maila handia du, eta udalerria UEMAko kide da, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.
Usurbilen herri mugimendua indartsua eta bizia izan da, oro har, historikoki. Euskaraz eta kulturaz gain, naturarekiko errespetuzko harremanean eta mundu hobe batekiko konpromisoan koka dezakegu bere zaborren tratamendua. Zubietan kokatutako errauste-plantaren aurkako herri mobilizazioaren garaipena izan zen eginiko zaborren bilketarako atez ateko gaikako biltze-sistema ezartzeko erreferenduma.. Baiezkoak irabazi zuen eta Euskal Herriko lehen herria izan zen gaikako atez ateko sistema ezartzen. 2009tik dago martxan sistema aitzindari eta berritzaile hori, eta Usurbil eredu bihurtu da berau ezagutzera etortzen diren hainbat bisitarientzat. Gaur egun, Usurbil da Europan tasa eta portzentaia hoberenetarikoak dituen herria hondakinen gaikako bilketan.
Naturarekiko harremanean koka dezakegu, oro har, Usurbilek duen sagarraren kultura sakon eta zabala. Sagardotegiak, baserrietako etxeko ekoizpenak, Alkartasuna kooperatibak gidatutako sagardoaren unibertsitatea edota urtero ospatzen den Sagardo Eguna horren testigantza biziak dira eta Usurbil sagardoaren eremuan erreferentzia bihurtu dute.
Komunitate ikuspegia ere nabarmentzekoa da bere historian zehar. Auzolana, baserrien eta herritarren arteko borondatezko elkar laguntza… gaur egunera arte hedatu den kultura izan da. Esaterako, zaintzaren eremuan proiektu aitzindariak ditu Usurbilek abian, adinekoei eta gazteei zuzenduak.
Herrira bizitzera datozen migratzaileentzat ongi etorri gida bat du Usurbilek, bertako berri eman eta eskura dituzten zerbitzuak eskaintzen dituena.
Usurbil, etengabeko bilkaeran dagoen herri bizia.